XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hiru korronte horiei lehen aipatu dugun aztoramendu soziala gehitu behar diegu: hau da, Ongizatezko estatuaren krisialdi sakona, herri ez lerrokatuen mugimenduak nazioartean hartu zuen indarra (bertan Kuba iraultzailearen protagonismo nabaria zen), Frantziako 68ko errebolta, kontrakultura, hippien mugimendua...

Tom Wolfe-ren iritziz, 60ko hamarkadan New Journalism joerako kazetariek fama berezia zuten garai hartako gizarte puritanoan: lizunkeriazaleak, zalapartatsuak, drogazaleak...; izan ere, abangoardia guztiek beren ordaina jaso behar izan dute hasieran.

Dena den, zenbait adituren aburuz (Victor Claudin), Kazetaritza Berria nobelaren hondakinetatik sortu eta gizarteak zituen ezaugarri berrietara egokitu zen fenomenoa dugu.

Gizarte hura, gainera, aburgesatuta eta ustelduta zegoen.

KBren fenomenoa modu askotan islatu zen:

- zenbait kazetari-idazlek idatzitako liburuetan.

- mezubide estandarretan argitaratu ziren zenbait erreportaia, elkarrizketa eta informazioetan (hemen komatxoek hauxe adierazten dute: zenbait lanek genero zehatz baten barruan sailkatzeko zuten zailtasuna) eta

- underground mugimenduaren ildotik kaleratu ziren hainbat aldizkaritan.

S. Bernal eta L.A. Chillón irakasleen ustez, Kazetaritza Berria fenomenoa guztiz desagertuta ez badago ere, gutxi falta zaio, mugimendu horrek masa-hedabide gehienetan duen presentzia oso marjinala da: asteburuetako gehigarriak...eta ezer gutxi gehiago.

Egia da, irizpide koantitatiboei erreparatuz gero, fenomeno hori ez dela nagusitu gure artean, oraindik ere eredu anglosaxoniarra jaun eta jabe bakarra baitugu.

Dena den, egia da halaber, ikuspuntu koalitatibotik ikusita, lan horiek garrantzi handia dutela asteburuetako eranskinetan.

Are gehiago, lan horietarako mezubide guztiek beren lumarik ezagunenak eta prestigiotsuenak erabiltzen dituzte (Rosa Montero, Maruja Torres, Vicente Verdú... El Pais semanal astekarian; Francisco Umbral, Antonio Gala El Mundon...).

Beraz, marginala agian bai, ikuspuntu koantitatiboari begira; ez, ordea, koalitatiboki.

Azter ditzagun jarraian Kazetaritza Berriak erabili izan dituen teknika narratiboak, beroriek izango baitira gerora LKn ere erabiliko direnak.

4.3.1. Teknikak